Begitu

Galbidean zihoan euskara indarberritzeko eran jar dadin erabakigarria izan den ekarpena egin du Euskararen Legeak, ezbairik gabe. Administrazioan, irakaskuntzan, askotariko zerbitzuen alorrean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen aitorpenean, hedabideetan, informazio eta komunikazio teknologietan, eremu sozio-ekonomikoan, aisialdian, eta abar. luze batean eragiteko aukerak eskaini baitizkigu, besteak beste, euskaraz jarduteko geroz eta aukera zabalagoak eskainiz. Izan ere, herritarron hizkuntz eskubideak onartu ez ezik haien zaintza eta sustapena aginte publikoei eman zien Euskararen Legeak duela hogeita bost urte.

Egungo euskal hiztunen kopuruak izan duen hazkundea edota euskararen lurralde osoan sustapen politikak bideratzeko aukerak nekez uler litezke Euskararen Lege hori gabe. Aldi berean, bestelako ekarpen azpimarragarririk ere egin du, geroz eta elebidunagoa den euskal gizartean elkarbizitza areagotzen lagundu baitu.

Herritarrei hizkuntza eskubideak aitortzea, herritarrari norbere hizkuntza-aukera errespetatzea, herritarrei aitorturiko hori guztia pixkanaka bermatzeko herri-aginteei egitekoak eta bi ezartzea, euskararen erabilera etengabe handitzea eta pixkanaka normalizatzea: horra, bada, Euskararen Legearen helburua egiazki gero eta elebidunagoa izan behar duen euskal gizarterantz iristeko bidean. Bide hori egiteko makulu ezinbestekoa izan da Euskararen Legea, eta izaten jarraitzen du.

Ahuldutako hizkuntzak, horien artean euskara, indarberritzeko xedez Lege, Dekretu, Ebazpen edo dena delakoetan jartzen du hainbatek atentzioa, gizartearen borondatean eta hiztunen beharretan bainoago. Alta, Legeak-eta behar-beharrezkoak izanik, herritarren gogoa eta borondatea dira erabakigarriak hizkuntza normalizatuko bada. Beraz, Euskararen Legea aldatzeko irrikaz dabilenari zera galdetu beharko litzaioke, nire ustez: Zein dira euskal gizartearen gehiengo zabal batek, ez gizarteko zati txiki batek soil-soilik, euskarari dagokionez egin nahi duena eta Euskararen Legeak egitea, garatzea eragozten diona? Izan ere, Euskararen Legearen beraren garapenak muga argiak ditu, herritarren gogoa eta haien borondatea, alegia.

Duela hogeita bost urte askotarikoen artean ehundu zen adostasunak euskaraz jarduten duen hiztun-erkidegoa indartzen, garatzen, loratzen lagundu du, ezbairik gabe. Eta horixe bera da, EAEn garatutako hizkuntza-politikaren abiaburua. Horrek prozesua motel doala irudikatzea dakar, akaso, baina, ez da horrela! Horrek ematen baitio, sendotasuna, iraunkortasuna eta eragingarritasuna euskara indarberritzeko ahaleginari, helmugara iristen joan gaitezen lagunduz.

Ez goaz gaizki, aurrerantz goaz, baina eskubete lan daukagu, egindakoa baino gehiago daukagu egiteko euskarari etorkizun oparoa bermatzeko. Horretarako muga ez, baizik eta lagungarri zaigu Euskararen Legea.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *