EUSKAL HERRIKO IV. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA (2006)

2006ko datuetan oinarrituta egin zen Euskal Herriko IV. Inkesta Soziolinguistikoa. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde nintzen (2005-2009) orduan, eta, ardura haren kariaz, aipaturiko IV. Inkesta Soziolinguistikoa egiteko prozesua bultzatu eta jarraitzearen ardura nagusia egokitu zitzaidan. Hain zuzen ere IV. Inkesta Soziolinguistikoaren Batzorde Eragilea ondorengo hauek osatu genuen: Jon Aizpurua (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zerbitzuburua eta inkestaren arduradun teknikoa), Erramun Osa (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinazio zuzendaria), Jean Claude Iriart (Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendaria eta Iparraldeko lanen jarraipenaren arduraduna) eta Patxi Baztarrika (Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Inkestaren Batzorde Eragilearen burua).

 

Hala, Inkestaren berri emateko helburuarekin, Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta IV. Inkestaren Batzorde Eragilearen buru gisa,  zenbait lankiderekin batera mintzaldi ugari egin nituen hainbat agerraldi eta mintegitan. Mintzaldi haietarako prestaturiko testua da jarraian datorrena, IV. Inkestaren emaitza nagusien argazki moduko sintesitzat baliagarri izan litekeena, eta euskararen bilakaera sozialaren zenbait gorabehera interpretatzeko iritzi batzuk jasotzen ditut bertan.

 

Testuan ageri diren grafiko guztiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zerbitzu teknikoek bere garaian moldatutakoak dira.

IV. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA

Azterketa soziolinguistikoak garrantzi handiko lanabesak dira indarberritu nahi den hizkuntza baten egoera eta bilakaeraren berri izan ahal izateko. Hala ere, ez dira eskuartean ditugun tresna bakarrak. Izan ere, guri dagokigunez, euskararen bilakaerari buruzko oinarrizko datuak eskaintzen dizkiguten tresna nagusietan, zentsua eta errolda binomioa litzateke lehena. EAEn nahiz Nafarroan egiten diren zentsuek zein erroldek biztanleria guztia hartzen dute aintzat, ez dute, alabaina, informazio bera biltzen, eta Iparraldean, ostera, ez da hizkuntzei buruzko galderarik egiten zentsuan. Horiek horrela, behar-beharrezkoa dugu euskararen lurraldean euskarak bizi duen errealitateri buruzko Inkesta Soziolinguistikoa arian-arian mamitzea.

Inkestak euskararen lurraldeetako hamabost urtetik gorako biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.500.000 pertsona gutxi gorabehera). Beraz, ez ditu kontuan hartzen hamasei urtetik beherekoak. Adin-tarte hori pisu handikoa da euskararentzat, eskolaren eraginez euskaldunenak diren gazteen adin-tartea delako. Sexuaren eta adinaren arabera estratifikatu ohi da azterketa, eta, guztira, 7.200 inkesta egin dira. Informazioa jasotzeko, galdetegi egituratu eta itxi bat erabili da.

IV. Inkesta Soziolinguistikoak lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna; hizkuntzaren transmisioa; euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean, eremu formaletan, eta abar), eta euskararekiko jarrera.

2006ko abenduan bukatutako datu bilketan oinarriturik eginiko IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak lau liburukitan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) jaso eta aurkeztu ditugu.

Inkesta soziolinguistikoa bost urterik behin burutzen dugun azterlana da; orain arte lau burutu ditugu.  Beraz, bost urteko begiradatik haratago, hamabost urteko seriea baliatuko dut gaurkoan: batetik, bost urteko ikuspegia laburra gertatzen delako hizkuntza baten biziberritze kontuak zertan diren azaltzeko; bestetik, III. Inkestarekin alderatuta euskara indarberritzearen aldeko joera aldatu ez delako; azkenik, hamabost urteko ikuspegia izatea, euskararen bilakaeraren berri izateko eta euskararen erronkak azpimarratzeko aukera paregabea delako.

IV. Inkesta Soziolinguistikoaren ondorio nagusiak hona hemen:

  1. Euskara bezalako hizkuntza gutxiagotu bat indarberritzea posible da. Horretarako, hizkuntzak status egokia, hizkuntza politika eragingarria eta herritarren atxikimendua behar-beharrezkoak ditu.
  2. Euskal gizartearen hizkuntza ezaugarri nagusien artean badira bi euskara indarberritzeko prozesua urte luze eta hainbat belaunalditako prozesu bihurtzen dutenak: euskal hiztun elebakarrik ez izatea (ez dugu halakorik nahi) eta euskararen eta gaztelaniaren arteko distantzia linguistiko nabarmena. Prozesu luze horretan atzera-pausorik gabe aurrera egitea da garrantzitsua. Esan behar da, hamabost urteko ikuspegiarekin aztertuta euskarak indarberritzearen aldeko joera erakusten duela argi eta garbi.
  3. Hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago daude 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak duela 15 urte baino 133.900 gutxiago dira Euskal Herrian (%70 1991n eta %58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere.
  4. 16 urte edo gehiago dituzten biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtuta, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 15 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena.  Izan ere, 2006ko erroldako datuen arabera EAEko biztanleen %37 elebiduna da eta 15 urtetik beherako %74.

  1. Gizartea bizkor aldatzen ari da, zahartze prozesua areagotzen ari da, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen du eta denbora laburrean etorkinen kopurua ikaragarri hazi da. Hainbeste hazi da, azken bi inkesten arteko bost urteko tartean hirukoiztu egin dela Nafarroan zein EAEn. Gaur egun (2007), 122.196 etorkin daude erroldatuta EAEn, biztanleriaren %5,7.
  2. Hamabost urteko perspektiban euskararen indarberritzeak urrats sendoak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta motelagoak Nafarroan. Iparraldean, ostera, hiztun galera gertatzen ari da. Hala ere, galera joera apaltzen eta gazte belaunaldien ekarriaz aukera berriak sortzen ari dira.
  3. Eskolak asko egin du euskara indarberritzearen alde. 1986an EAEko elebidun gehienen lehen hizkuntza euskara zen. Nagusitasun hori, gainera, gaur ez bezala, adin-talde guztietan gertatzen zen. Izan ere, 25 urtetik beherako elebidunen %76k etxean jaso zuten euskara. 2006an, aldiz, 25 urtetik  beherako elebidunen artean euskara etxean jaso dutenak %39 dira. Hau da, 10 elebidun gaztetik 6k eskolan ikasi dute euskara. 1986an elebidun gehien zuen adin-taldea 65 urtetik gorakoa zen; 2006an, aldiz, 25 urtetik beherako adin-taldean dago elebidunen gehiengoa. Eskola, beraz, behar-beharrezkoa da hizkuntza indarberritzeko, ez da nahikoa, ordea. Eskolak berak bakarrik ezin du euskara indarberritu.
  4. Urte batzuetako perspektibarekin aztertuta euskararen ezagutza orokortzeko erabakigarriak diren urratsak egiten ari gara. Horrekin, ostera, ezin konforma gaitezke. Izan ere, euskararen osasun egoeraren adierazgarri nagusia haren ERABILERA baita. Horregatik, etorkizuneko hizkuntza politikako jarraibideetan atentzioa eta kezka erabilera nonahi areagotzean jarri behar dugu.
  5. Euskararen erabilera ez da ezagutza beste hazten ari. Hori NORMALA da: hizkuntzaren erabileran hiztunen hizkuntza-gaitasunak, harreman-sareak eta erabilera-eremuak erabakigarriak direlako da normala hori. Hiztun asko berriak dira: 2006an EAEko 16-24 urte tarteko elebidunen %55 dira euskaldun berriak, baina, 1991n elebidunen %25 bakarrik ziren gaztelania lehen-hizkuntza zutenak. Elebidunen erdia gune erdaldunetan bizi dira (elebidunak %40 baino gutxiago dituzten hiruguneetan). Beraz, elebidun gehienek gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki jarduten duten harreman-sare zabalak dituzte eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.
  6. Ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du, eremu formaletan batez ere. Gazteen artean geroz eta nabarmenagoa da euskararen erabilera izaten ari den hazkundea (esate baterako, EAEn, 16-24 urteko tarteko gazteen artean %24k erabiltzen du euskara gaztelania beste edo gehiago, 1991n %12 baino ez ziren erabiltzen zutenak).
  7. Hala ere, esan behar da, gazteen arteko erabileraren hazkundea batez ere gertatu dela elebidunen kopurua nabarmen hazi delako.
  8. Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, euskara erabiltzen duten elebidunen proportzioa ez da hazi. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute lehen elebidun zirenen proportzio berean erabiltzen euskara. 16-24 urte tarteko gazte elebidunek 1991n baino gutxiago erabiltzen dute euskara 2006an. Besteak beste, lehen hizkuntza gaztelania izatean euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dutelako eta gehienak gune erdaldunetan bizi direlako gertatzen da hori.
  9. Elebidunen kopuruak ez ezik elebidun hartzaileen kopuruak (hots, euskara ulertzeko gai izan arren, hitz egiteko gauza ez direnak) gora egin du nabarmen gure artean. Bada garaia elebidun hartzaileen ekarriaz gogoeta egiteko eta horien beharra errekonozitzeko.
  10. Euskararen aldeko jarrerak eta hura indarberritzearen aldeko borondatea areagotu egin da Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Iparraldean, aldiz, mantendu egin da.
  11. Era berean, datuek erakusten dutenez, euskara indarberritzeak dituen muga pisuzkoenak  gizartean bertan daude.

Ondorio nagusiak adierazi ostean, gatozen datu nagusiak aurkeztera:


Hizkuntza-gaitasuna

2006ko datuen arabera, Euskal Herriko 15 urtetik gorako biztanleen %25,7 elebiduna da (1991n baino 3,4 puntu gehiago -%22,3-), %15,4 elebidun hartzailea eta %58,9 erdaldun elebakarra.

Lurraldeka, EAEn 15 urtetik gorako elebidunak %30,1 dira (1991n baino 6  puntu gehiago -%24,1-), Iparraldean %22,5 (1991n baino 11 puntu gutxiago -%33,1-) eta Nafarroan %11,1 (1991n baino 1,6 puntu gehiago -%9,5-).

 

Hau da, hamasei urtetik gorako biztanleen artean 1991n baino 137.200 elebidun gehiago daude 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten.

16 urte edo gehiago dituzten biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtuta, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena.  2006ko erroldako datuen arabera, EAEko biztanleen %37 elebidunak dira eta 15 urtetik beherako lautik hiru. Iparraldean, aldiz, 65 urtetik gorakoen artean dago elebidunen ehunekorik handiena, eta adinak behera egin ahala behera egin du elebidunen ehunekoak. Halere, Iparraldeko gazteen artean joera-aldaketaren zantzuak gero eta argiagoak dira, eta 2006ko datuen arabera gora egin dute elebidunen ehunekoak eta kopuruak.

 

Aldi berean, erdaldun elebakarrak duela 15 urte baino 133.900 gutxiago dira Euskal Herrian (%70 1991n eta %58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere. Erdaldun elebakarren beherakada eta elebidunen hazkundea are azpimarragarriagoa da kontuan hartzen baditugu azken urteotan gure gizarteak bizi dituen aldaketa soziodemografikoak. Batetik, euskal gizartea gero eta zaharragoa da. Jaiotze-tasa oso txikia da, beraz gazteen multzoak, gaur egun elebidun gehien biltzen dituenak  hain zuzen ere, gero eta pisu gutxiago du gizarte osoarekiko. Aldi berean, azken 15 urteotan nabarmen hazi da etorkinen ehunekoa. EAEn %5 izatera iritsi dira eta Nafarroan %10 izatera. 2007ko datuen arabera, 122.196 etorkin ditugu erroldatuta EAEn. Iparraldean etorkinen eragina txikiagoa da, duela 15 urte ehunekoa gainerako bi lurraldeetan baino handiagoa baitzen.

 

Halere, esan daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik eta izango dira datozen urteotan. Halere, esan bezala, Iparraldeko gazteen artean gora egin du elebidunen ehunekoak eta kopuruak.

 

Elebidunen multzoa asko aldatu da azken 15 urteotan. 1991n elebidun gehienak (%79,3) euskaldun zaharrak ziren, hau da, etxean jaso zuten euskara. Euskaldun zaharrak, gainera, nagusi ziren adin-talde guztietan. 2006an, aldiz, euskaldun zaharrek nagusi izaten jarraitzen badute ere (%57,9), gazteen artean irauli egin da egoera. Izan ere, 16-24 urte tarteko gazte elebidunen erdia baino gehiago (%54,5) euskaldun berria da dagoeneko, hau da, eskolan edo euskaltegian ikasi du euskara. 1991n adin tarte horretako elebidunen %25 besterik ez zenean euskaldun berria.

Gaur egungo elebidun gaztea nolakoa den hobeto ezagutzeko, ikus ditzagun jarraian EAEko elebidun gaztearen ezaugarri nagusiak eta duela hamabost urteko gazte elebidunarekiko dituen aldeak. EAEko gazte elebidunak (16-24 urte) gaztelania du lehen hizkuntza (%56) eta erraztasun handiagoa du erdaraz euskaraz baino (%56). Oinarrizko (%79) eta bigarren mailako (%69) ikasketak D ereduan egin ditu. Beraz, eskolan ikasi du euskara. Hiri-gune erdaldunetan bizi da, Bizkaian nagusiki. 1991n, aldiz, EAEko elebidun gazteak (16-24 urte)  euskara zuen lehen hizkuntza (%63), nahiz eta hark ere erraztasun handiagoa zuen erdaraz euskaraz baino (%53). Oinarrizko ikasketak D ereduan egin zituen (%46) baina ikaskide asko eta asko zituen B ereduan (%45). Hirugarren gune soziolinguistikoan (%50-%80) bizi zen, Gipuzkoan nagusiki. Hor daude erabileran ondorio erabakigarriak eta askotarikoak dituzten datuak.

Gazteen arteko euskaldun berrien nagusitasuna argia da EAEn eta Nafarroan, eta eragin zuzena du euskara erabiltzeko erraztasunean nahiz zailtasunean. Izan ere, elebidunen artean, erdal elebidunek, hau da, erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen direnek osatzen dute multzorik handiena EAEn eta Nafarroan.

Hizkuntzaren familia bidezko transmisioa

Gaur egun, gurasoak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabat ziurtatuta dago EAEn eta Nafarroan, eta oraindik galerak daude Iparraldean.

Bikotekideen hizkuntza-gaitasunak erabat baldintzatzen du hizkuntzaren transmisioa:

  1. EAEn eta Nafarroan, gurasoak elebidunak direnean seme-alaben %98tik gora euskara jasotzen dute etxean. Iparraldean ere ehuneko hori handia den arren, beste bi lurraldeetan baino 10 puntu txikiagoa da.
  2. Bikotekideetako batek euskaraz ez dakienean, aldiz, seme-alaben %86k EAEn, %71k Nafarroan eta %44k Iparraldean euskara jaso dute etxean.


Hizkuntza-bilakaera, euskararen irabaziak eta galerak

Irabazien hazkundea eta galeren ia desagerpena gazteen artean antzematen da bereziki, baita, neurri apalagoan bada ere, Iparraldeko gazteen artean ere.

 

Lehen hizkuntza euskara edo euskara eta erdara izan duten gehienek (%85etik gora EAEn eta %75etik gora Nafarroan eta Iparraldean) euskara gorde dute eta elebidunak dira gaur egun.

Halere, badira euskara guztiz edo partez galdu dutenak (16 urte edo gehiagoko biztanleen %3 inguru). Galera horren zati bat (erdia inguru EAEn eta Iparraldean, eta herena pasatxo Nafarroan) galera partziala izan da, hau da, pertsona horiek euskaraz ondo hitz egin ez arren, ondo ulertzeko gai dira.

Aldi berean, baina, lehen hizkuntza erdara izan arren, Euskal Herriko 15 urtetik gorako biztanleen artean, euskara ikasi eta gaur egun elebidun diren 200.987 pertsona daude, 1991n baino 129.285 lagun gehiago. Horiexek euskararen irabaziak dira, euskaldun berriak alegia.

Euskara irabazi dutenak, 178.000 lagun dira EAEn (1991n baino 118.700 gehiago), 19.000 Nafarroan (1991n baino 12.600 gehiago) eta 3.900 Iparraldean (1991n baino 1.900 lagun inguru gehiago). Irabaziak gazteen artean hazi dira batik bat.

 

Euskararen erabilera

Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleen %25,1ek euskara erabiltzen du neurri batean ala bestean:

a)      %15,3k euskararen erabilera trinkoa egiten du, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du eguneroko jardunean.

b)      Aldi berean, %9,8k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago.

Erabilerari buruzko emaitzetan alde handiak daude lurralde batetik bestera. Izan ere, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak, hau da, euskararen erabilera trinkoa egiten dutenak %18,6 dira EAEn, %10,3 Iparraldean eta %5,6 Nafarroan. Horietaz gain, euskara erabiltzen dutenak, baina erdara baino gutxiago, %11 dira EAEn, %12,3 Iparraldean eta %4,1 Nafarroan.

Azken 15 urteotako bilakaera aztertuz gero, euskararen erabilerak gora egin du apurka-apurka EAEn, bere horretan dago Nafarroan eta behera egin du Iparraldean.

Jarraian azalduko diren datuak erabilera-trinkoari buruzkoak izango dira, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenei buruzkoa alegia.

Euskararen erabilerak eremu formaletan egin du gora gehienbat. Etxean, aldiz, erabilerak behera egin du, seme-alabekiko erabilerak izan ezik. Erabilera-eremu formalen artean, osasun-zerbitzuetako erabilerak izan du azken 15 urteotako hazkunderik esanguratsuena, nahiz eta ehunekoak oraindik beste erabilera-eremu batzuen azpitik egon.

Gainerako aldagaiekin gertatzen den bezala, erabileran ere alde esanguratsuak daude lurraldeen artean. Izan ere, Nafarroan eta Iparraldean ez bezala, EAEn euskararen erabilerak erabilera-eremu guztietan egin du gora oro har.  Egia da, halere, igoera hori handiagoa izan dela eremu formalean, hau da, udalarekin, osasun-zerbitzuekin, bankuekin edo kutxekin eta dendetan egiten dugun erabileran, eremu informaletan baino, hau da, etxekoekin, lagunekin edo auzokoekin egiten duguna baino.

Azken 15 urteotan, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen ehunekoak gora egin du 50 urtetik beherakoen artean. Igoera hori, baina, ez da Euskal Herri osoan modu berean gertatu. Izan ere, bere horretan EAEn baino ez da gertatu. Nafarroan, aldiz, erabileraren igoera 35 urtetik beherakoen artean gertatu da eta Iparraldean gaur egun duela 15 urte baino gutxiago erabiltzen da euskara adin-talde guztietan.

 

Igoera hori bereziki handia izan da EAEko gazteen artean. Izan ere, 16 eta 24 urteko gazte guztiak kontuan hartuta euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen ehunekoa bikoiztu egin da 1991 eta 2006 artean.

 

Baina kontuan hartu behar da euskararen erabileran dagoen hazkundeak elebidunen hazkundea duela oinarri eta arrazoi. Elebidunak, hau da, euskaraz hitz egiteko gaitasuna duetanak gero eta gehiago dira eta, horren ondorioz, euskara erabiltzen duten pertsonen kopura ere hazi egin da. Kontua da bata eta bestea, normala denez, ez direla neurri berean hazi.

Gertakari hori hobeto ulertzeko, gizarte osoarekiko erabilera kontuan hartu ordez, elebidunen erabilerari erreparatuko diogu. Horrela ikusiko dugu elebidunen kopurua gehitu den arren eta gizartean euskararen erabilera hazi den arren, oro har euskara erabiltzen duten elebidunen proportzioa ez dela hazi. Euskal Herriko elebidunek ez dute gaur gehiago erabiltzen euskara. 16-24 urte tarteko gazte elebidunek, esaterako, 1991n baino gutxiago erabiltzen dute euskara 2006an. Halere, 35 urtetik gorako elebidunen artean euskararen erabilera handiagoa da gaur egun duela 15 urte baino.

 

Elebidunen artean, eta bereziki elebidun gazteen artean, euskara gehiago ez erabiltzeko arazoiak, besteak beste, lehen hizkuntza erdara izatean euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa izatea eta gehienak gune erdaldunetan bizitzea dira. Halere, euskaraz erraztasun nahikoa eta harreman-sare euskalduna izateak ez du euskararen erabilera ziurtatzen. Ezinbesteko baldintzak dira, baina ez euskararen erabilera erabat ziurtatuko dutenak.


Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak

Euskararen erabilera sustatzearen alde daude 16 urte edo gehiagoko biztanleen %64,7 EAEn, %41,2 Iparraldean eta %37,7 Nafarroan.

Euskara sustatzearen ez alde ez aurka, biztanle-multzo esanguratsua dago: %41,1 Iparraldean, %28,1 Nafarroan eta %24 EAEn.

Euskara sustatzearen aurka daudenak %11,2 dira EAEn, %17,6 Iparraldean eta herena (%34,2) Nafarroan.

Euskararekiko jarrerak lotura handia du hizkuntza-gaitasunarekin. Izan ere, euskararen erabilera sustatzearen alde daude elebidunen %85etik gora EAEn eta Nafarroan eta %75 Iparraldean. Erdaldun elebakarren artean,  euskararen erabilera sustatzearen kontra daudenak %24,4 dira EAEn, %46 Nafarroan eta %26 Iparraldean.

Adinari dagokionez, 65 urtetik gorakoen artean euskararen erabilera sustatzearen alde daudenen ehunekoa handia da hiru lurraldeetan. EAEko eta Nafarroako gazteen artean ere oso altua da euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera. Iparraldean, aldiz, gazteenak dira aldeko ehunekorik txikiena dutenak.

 

Amaitzeko:

Datu horiek guztiak ikusita, interpretazio ugari egin daitezke eta egin behar dira. Nolanahi ere, historia guztian inoiz baino jende gehiago dago gaur maila batean edo bestean euskaraz hitz egiteko gai dena. Eta funtzioetan ere inoiz ezagutu gabeko zabalera ari da irabazten euskara. Batzuek nahiko luketena baino geldoago, eta beste batzuk nahiko luketen baino azkarrago, baina indarberritzen ari da euskara. Beste hitzetan esanda: zenbaitek aitortzen duena baino hobea da euskararen osasuna, baina, aldi berean, askok nahiko luketena baino ahulagoa da. Urteetako eta belaunaldiak behar dituen prozesua da hau, eta prozesu horretan ez goaz atzera, ez gaude geldi, aurrerantz goaz, nabarmen EAEn, aurrerantz baita ere Nafarroan eta espero dezagun Iparraldeko hodei ilunen ondoren azaltzen hasi diren argiuneak zabaltzea etorkizunean.

Izan ere,  nabarmenak dira, hiru euskal lurraldeen arteko aldeak. Horrek argi erakusten du hizkuntza bati marko juridikoak edo lege babesak eman diezaiokeen bultzada. Edonola ere, EAEn lege babes osoa du euskarak, hemen ari da aurrerapauso handienak ematen, baina EAEko bilakaerak erakusten digu legeek bakarrik, ez eta hizkuntza politika eragingarriek bakarrik ere, ez dutela hizkuntza baten erabilera bermatzen. Bistan dena ukatu nahi ez duen edonork ikus dezake Gasteiz aldeko haizeek Iruñekoek baino bultzada handiagoa eta askoz irmoagoa ematen diotela euskarari, zeresanik ez Paris-Baiona aldekoekin  alderatzen baditugu. Baina erraz ikus daiteke, halaber, araubide juridiko babeslea eta herri-aginteen bultzada politikoa baino zer edo zer gehiago beharko dela euskararen erabilera indartu eta areagotzeko. Zer edo zer hori neurri erabakigarrian gertatzea bakoitzaren eta gizarte-dinamikaren esku dago.

Gizartearen atxikimendua da giltzarri nagusia, eta horrek gizarteak bere baitan dituen mugak oso kontuan hartzea eskatzen du. Izan ere, euskara erabiltzeko aukera berriak sortzea eta jadanik ditugunak sendotzea behar-beharrezkoa den bezala baita ere ezinbestekoa eta erabakigarria da jadanik dauden erabilera-aukerak herritarrek eguneroko jardunean baliatzea.

Etorkizunari itxaropenez begiratzeko motiboak erakusten dizkigu ikerkerta honek, baina, aldi berean, arreta berezia eta ekimen eraginkorrak garatzea eskatzen diguten hainbat aspektu ere begibistan jartzen dizkigu. Azken batean, egin dezakegun guztia egitearen esku dago euskararen etorkizuna, bizkar emanez egin daitekeena ez egiteari eta bizkar emanez egin ezin litekeena egiten saiatzeari.

 

Patxi Baztarrika

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958) Filosofia eta Letretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012ko abendutik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Lehenago Andoaingo Udalean hizkuntza teknikari modura aritutakoa. 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Una respuesta a EUSKAL HERRIKO IV. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA (2006)

  1. Pingback: EUSKAL HERRIKO IV. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA (2006) | Patxi Baztarrika

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *