Euskal Y-a

Ezezkoak badu indarra gure Herrian. “Hau ez, hori ez eta beste hura ere ez”. Beti, ez; beti, edo ia beti, kontra. Ni, berriz, kontrakoen kontra nago.

Asteburu honetan izan da Abiadura Handiko Trenaren kontrako beste manifestazio bat, traktore eta guzti. Atzo, AHTren kontrako plataformaren balorazioa.

Ez dut ezagutzen Iparraldeko trazadura: ez dut, beraz, horren gaineko iritzirik. Ezagutzen dut eta badut iritzia hegoaldekoaz; baina, batez ere, badut oso iritzi garbia trenari buruz eta ingurumena zaintzeari buruz.

Gezurra badirudi ere, XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran idi-gurdiei eta zaldien diligentziei aurrea hartzeko eraiki zuten trenbide bera daukagu gaur oraindik hegoaldean, ordutik gaur arte gure gizartea batere aldatu ez balitz bezala. Gaur egun, Donostia, Bilbo eta Gasteizen artean egunero 47.000 joan-etorri izaten dira. Egunero 10.000 kamioi baino gehiago pasatzen dira Bidasoako mugatik. Ibilgailuren batean egiten diren 10 joan etorritatik 7 automobilez egiten dira Euskadin. Urtero bi milioi t’erdi bidaiarik egiten du Bilbotik Madril edo Bartzelonarako bidaia hegazkinez.

Jakina da, herritarrok ez gaudela etxean gelditzeko prest. Nola ibili, ahalik eta erosoen eta ahalik eta kutsadurarik gutxien eraginda? Horretan dago koska. Trena da irtenbidea; kotxearekiko menpekotasunak eta kotxe eta errepideen ugalketak hondamendia dakar gu guztiontzat eta ingurumenarentzat.

Euskal Y-ak, trenbide-sare berriak, Bilboko metroak baino askoz zati handiagoa izango du lurpean: metroak %40 besterik ez du, eta Euskal Y-ak %60 izango du, metroa baino metroago izango da. Errepideetatik 4.000 kotxe eta 2.000 kamioi erretiratuko ditu. Hegoaldeko euskal hiriburuen arteko joan-etorriak ordu erdian egin ahal izango dira. Madril, Bartzelona, Paris eta Europako sare osoa eskura izan ditzakegu. Trazadurak ez du Euskadiko parke natural bat bakarra ere ukituko.

Sar gaitezen, beranduegi izan baino lehen, Europan ingurumena gehien zaintzen duten herrialde aurreratuenen zakuan gu ere. Ni ere txikizioaren kontra eta ingurumena zaintzearen alde nagoelako nago kontrakoen kontra, eta trenaren alde.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *