Euskara, aurrera doan hizkuntza

Oro har, ñabardurak ñabardura, eta ekinbide guztietan nahi eta behar beste asmatu izan ez bada ere, arrakasta baten kronika da azken 25 urteotan euskarak izan duen bilakaera. Euskarak, gaur, orduan baino hiztun gehiago ditu eta eginkizun nahiz esparru gehiagotara hedatu da. Autogobernuaren eraginez, lege babes egokia eskuratu du gure hizkuntzak, herri aginteek hizkuntza politika sendoa bultzatu dute eta gizarteak bere egin du elebidun izan nahia eta euskaraz ere bizitzeko aukera izatea.

 Kanpotik etorritako adituek behin baino gehiagotan aitortu dute hori. Azkena, David Crystal galestar hizkuntzalari ospetsua izan da, joan den irailean, HABEk gonbidatuta helduen euskalduntzearen ikasturtea hasteko ekitaldira etorri zenean. Izan ere, tokian tokiko hizkuntzak berreskuratzeko ahaleginean ari diren eragile eta erakunde asko etortzen ari dira urteotan Euskadira, hemen izaten ari garen esperientzia emankorraren berri gertutik ezagutzeko asmoz; eta beste horrenbeste dira beren herrialdeetara gure jardunaren berri ematera joan gaitezen deitzen gaituztenak.

 Eta, hala ere, gure artean beti daude euskara biziberritzearen alde egiten den edozer gehiegizkotzat jotzen dutenak; baita egiten den guztia gutxiegizkotzat jotzen dutenak ere. Horrek erakusten du, hain zuzen ere, arrakastaren giltza zera dela: herri erakundeen jarduna eta gizartearen borondatea batera eramatea, errealitatea eta nahia orekaturik edukitzea, hizkuntza politika adostuak egitea, helburu egingarriak jartzea, programa eraginkorrak bultzatzea.

 Beraz, errealitatearen aurrean, baikor egoteko moduan gaude. Gaur inoiz baino jende gehiagok daki euskaraz; gaur euskarak inoiz baino hiztun alfabetatu gehiago ditu. Erabilera ere hazten ari da: gaur duela hogeita bost urte baino gehiago egiten da euskaraz, eta batez ere belaunaldi gazteetan hazi da euskararen erabilera.

 Baina ez gaitezen autokonplazentzia antzuaren sareetan eror, etorkizun oparoa ez baitzaigu berez etorriko. Galtza bete lan geratzen zaigu egiteke. Esaterako, gaur egun euskara gehiago erabiltzen da euskaraz hitz egiten dakiten herritarren kopurua azken uretotan erruz gehitu delako, ez gaur eguneko elebidunek atzo elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen dutelako. Hori bezala baditu nahitaez arduraz tratatu behar ditugun beste zenbait ertz ere gure hizkuntza errealitateak. Datozen urteetarako erronka erabakigarriak ditugu, beraz, gure aurrean.

 Lehenik, euskal hiztunen kopurua gehitzen jarraitu behar dugu, baina batez ere euskararen erabilera sendotu behar dugu, erabilera baita hizkuntzaren osasunaren egiazko termometroa. Erabilera areagotu eta sendotzeko arreta berezia eskatzen digu euskal hiztunen erkidegoak. Beste hitzetan esanda: euskaraz dakitenak egiazki euskal hiztun bihurtzea da kontua. Euskararen erabilera ohikoa eta naturala duten guneak eta sare sozialak indartzea: horra erronka nagusietariko bat.

 Bigarrenik, gaur euskaldun berri diren hirurehun mila herritarren etorkizuneko hizkuntza-jarrera sendotu behar da. Euskararen familia bidezko transmisioa sendo bermatzen asmatzen badugu, gaur euskaldun berri diren horien biharko seme-alabak ez dira euskaldun berriak izango, euskaldun zaharrak baizik. Benetako elebitasunerako urrats erraldoi eta behin betikoa izango litzateke hori.

Hirugarrenik, gaur oraindik euskararen errealitatetik urrun bizi diren erdaldun elebakarrak erakarri behar ditugu euskarara. Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari ospetsuak dioenaren bidetik, gizarte batek benetan elebidun izan nahi badu, oso garrantzitsua da bere herritarren parte handi bat gutxienez elebidun pasibo izatea. Gaur elebakar diren milaka euskal herritar horietan gero eta elebidun pasibo gehiago izateak euskara gizarte bizitzan erabiltzeko aukerak aniztuko lizkiguke elebidun osoei. Beraz, elebidun pasiboen ekarpena gehiago errekonozitu, sustatu eta saritu beharko luke gure gizarteak.

 Bestetik, datozen urteak biztanleria-mugikortasun handikoak izango dira, ezbairik gabe. Kanpotik bizitzera eta lan egitera Euskadira datozkigun etorkinak aukera gisa ikusi behar ditugu euskaltzaleok, euskaldun berri edo elebidun pasibo potentzialtzat hartu behar ditugu. Euskal gizarteak behar baititu etorkinak, garapen ekonomikoan atzera geratu nahi ez badugu.. Hortaz, gaurko etorkin heldu horiek bihar-etzi euskaldun berri edo elebidun pasibo izatera erakarri behar ditugu.

 Hori dena posible da. Euskararen etorkizuna, gaur, euskal herritarron, euskal gizartearen esku dago. Aukerak eta mugak, denak, eskura ditugu. Munduan eleaniztasuna da araua, elebakartasuna da salbuespena. Horregatik, biharko Euskadi elebidun eta, are, eleaniztasun batean sinesten dugu, zintzo sinistu ere. Eleaniztasuna aberastasuna baita; elebakartasuna, berriz, muga, euskal elebakartasuna balitz ere.Gizarteak euskara hizkuntza bizi, natural, erabilgarri, erakargarri, aukera-emaile gisa ikusten jarraitzen badu, etorkizuna irabazia izango dugu.

 Autogobernuaren eskutik eta babesean egin den guztia nola gutxietsi ezin asmaturik dabiltzanek egunero jo ohi dizkiguten euskararen hil kanpaiei entzungor eginda, inolako justifikaziorik gabeko ezkortasun eta mezu apokaliptikoen tranpan amildu gabe, baina erantzukizun eta konpromiso erabateko eta eraginkorrez egin behar diogu aurre etorkizunari, euskarak bere garapenerako behar besteko tokia irabazi dezan etorkizunean.

 Euskara biziberritzeko prozesua arrakastatsua izango bada, herritarren atxikimendua eta barne motibazioa indartzea da gakoa. Legeak, diruak eta planak beharrezkoak dira, ezbairik gabe; baina herritarren borondatea eta hizkuntzarekiko leialtasun praktikoa dira benetako motorra. Horrek besteak beste euskara eta euskararen munduak mundu irekiak, erakargarriak, lasaiak, itogarriak ez baizik eta aberasgarriak izan daitezen eskatzen digu, merezi duten mundutzat perzibituak izatea alegia. Orduan bai, orduan bihurtuko da euskara beharrezko herritarren artean, herritarrek bihurtuko baitute beharrezko.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *