Euskara biziberritzen jarraitu

Abenduaren 3a, San Frantzisko Xabierren eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu Eusko Ikaskuntzak Miarritzen, 1948an, eginiko batzarraldian halaxe ospatzea proposatu zuenetik. Egokiera ona dugu, beraz, euskara biziberritzeko gure gizartea egiten ari den ahaleginari buruzko gogoeta egiteko.

 Aldi berean atzera eta aurrera begira jarrita, bi argazki ikusten ditut gaur batera: lehenean, euskara berreskuratzeko azken hogeita bost urteotan egin duguna ikusten da, eta, bigarrenean, berriz, normalkuntzara iristeko oraindik falta zaiguna. Argazki beteak dira biak, bietan gauza asko ikusten ditut. Alegia, egindakoa oparoa izan da: egin zitekeena eta egin behar zena egin dugula uste dut. Baina egiteko dagoena ere asko da oraindik: erruz aurreratu eta hobetu behar dugu euskararen normalkuntzara iristeko.

 Asko eztabaidatu izan da Euskal Autonomia Erkidegoan landu den hizkuntza politikaren ereduaren gainean, baina uste dut, euskararen gaurko egoera eta duela hogeita bost urtekoa erkatuz gero, ukaezina dela euskarak susperraldi nabarmena izan duela hainbat alorretan.  Aurrerabide horretan, jakina, zeresan handia izan dute bai euskarari eman zaion estatus juridikoak bai eta estatus horren aplikazioan aurera eraman den hizkuntza politikak.

 Euskal hezkuntza sistemaren, helduen euskalduntze-alfabetatze sistemaren, administrazioaren eta gizarte mugimendu eta borondatearen eraginez, herritar elebidunen kopuruak hazkunde handia izan du bi hamarkada hauetan. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, Autonomia Erkidego osoa hartuta, bost herritarretik batek bakarrik zekien euskaraz. Orain, berriz, hirutik batek daki euskaraz. Hazkunde hori proportzioz antzekoa izan da hiru lurraldeetan, baita udalerriz udalerri eta oro har,  eta nabarmena da hiriburuetan euskara lekua irabazten ari dela. Bestalde, nabarmentzeko datua da, baita ere, pertsona elebidunen proportzioa handitu egiten dela adinean jaitsiz gero; esate baterako, 5-14 urte bitartekoen artean %60 elebidunak dira, eta, gaur egun, pertsona elebidunen ia erdia 30 urtetik beherakoa da. Gaur gazte eta, nagusiki, elebidun diren belaunaldiok etorkizuneko gizartean jokatuko duten zeregin garrantzitsuari erreparatuta, baikor izan gaitezkeelakoan nago.

 Dena den, ikusten dira argi-ilunak ere, jakina; izan ere, euskararen jakintza edo ezagutzaren mailan izandako aurrerakada horrek ez du pareko hazkunderik ekarri erabilerari dagokionez. Nahiz eta euskararen erabileran ere aurrera egin dugun eta euskara etengabe esparru berriak irabazten ari den, erabileraren hazkuntza ez da izaten ari ezagutzaren hazkuntza adinakoa. Izan ere, hizkuntza baten erabileran, besteak beste, bi faktore nagusik dute funtsezko garrantzia: hiztunen gaitasuna eta hiztunen dentsitatea. Beste era batera esanda, euskara bereganatzen ari diren hiztun berri horiek beren bizitzan normaltasunez euskara erabili ahal izan dezaten, beharrezkoa da haien ingurune naturalean harreman sare euskaldunak izatea, eskuratzen ari diren hizkuntza gaitasun hori sendotzeko, finkatzeko, hobetzeko. Horra hor, beraz, datozen urteotan izango dugun lehentasunezko ekinbideetako bat: euskara normaltasun eta egunerokotasun osoz gehiago erabiltzeko espazioak eta aukerak sortzea, batez ere familian, lagunartean eta lan munduan euskara sendo itsasteko bermeak jartzea, euskal hiztunen komunitate naturalak sendotzea.

Euskararen Aholku Batzordeak, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak onartua duten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak, hain zuzen ere, urteotan landu beharreko helburu nagusien artean jasotzen du euskararen erabilera soziala sustatzea, euskararen belaunaldiarteko transmisioa bermatzearekin eta euskararen kalitatea zaintzearekin batera. Aholku Batzordeak adostasun zabala landu zuen Biziberritze Plana idazteko prozesuan, seguru asko euskal gizartearen joera, ikuspegi eta sentsibilitate desberdinetako ordezkariek osatua delako.

 Bide beretik, hizkuntzaren normalkuntzarako prozesuan dauden argi-ilun horien artean, bada benetan kezkatzen gaituen ilungune bat: euskararen inguruko adostasun sozialarena. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, hizkuntza normalkuntzarako oinarrizko legeriaren inguruan izan zen adostasun politiko eta sozialaren mailan ez baitugu aurrera egin. Aitzitik, orduan euskararen aurrerabiderako proposamenen alde ziren hainbat sektore ezkor, hotz eta, are, kontra daude aspaldi honetan.

 Horregatik, behar-beharrezko ikusten dugu euskararen inguruan elkarrizketa sozial eta politiko zabala eta etengabea berritzea, euskararen aldeko adostasun mailak areagotze aldera. Hizkuntza-bizikidetzaren arazoa guztion arazoa delako, euskara guztion ondarea delako, euskararen etorkizuna ez dagokigulako euskaltzaleoi edo euskal hiztunoi bakarrik, gure gizartearen elkarbizitzarako euskal munduaren eta erdal munduaren arteko zubiak eraiki behar direlako. Egiteko handia dugu aurrean, ibilbide luzea geratzen zaigu oraindik euskararen erabateko normalizaziora iristeko, benetako elebitasun orekatura gerturatzeko. Euskarak politika positiboak beharko ditu luzaroan, baina batez ere gizartearen inplikazioa beharko du, gizartearen atxikimendu sendoa, aurrera egiten jarraituko badu. Izan ere, arazoak eta mugak ez ditugu legerian. Arazoa guztiona da, soluzioa gure ez besteren esku dugu. Guztion egitekoa denez, egin dezagun bidea elkarrekin.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *