Hizkuntza-Politika demokratikoaren habeak

ZILEGITASUNA ETA ERAGINKORTASUNA:

HIZKUNTZA-POLITIKA DEMOKRATIKOAREN HABEAK

Patxi Baztarrika Galparsoro

 

Hizkuntz paradigma zaharkitutik berritzailera

Erraza behar luke ulertzea eta onartzea hizkuntza bat(zu)en jabe garela, hizkuntza hori(ek) erabili egin nahi d(it)ugula, eta bertako hizkuntza propioa erabiltzen badugu, hegemonikoa ez den hizkuntza bat (ere) erabiltzen badugu, ez dugula beste hizkuntza baten edo beste inoren kontra erabiltzen. Beste hura parafraseatuz, esango genuke, “hizkuntza-aniztasuna da, ergel hori!”.

Hizkuntza-aniztasuna, bada, gizarte gehienen berezko balioa da. Hortaz, eztabaidagai dena ez da hizkuntza-aniztasuna bera, aniztasun saihetsezin horrekiko jarrera baizik. Euskal gizartearen eleaniztasunaren islarik behinena euskara eta gaztelania dira, bi horiek baitira hemengo hizkuntzak. Kontua da, desoreka lazgarria nozitzen duela euskarak gaztelaniarekiko, eta hori kaltegarria da bizikidetzarako, euskara eta gaztelaniaren desorekak euskal hiztunen eta erdal hiztun elebakarren arteko desoreka baitakar berarekin. Desoreka hori gainditzea izan du helburu 8Oko hamarralditik gure egunotara arte garatu den hizkuntza-politikak.

Badira hizkuntza politika hori errotik ezbaian jartzen dutenak. Geure-geurea dugun hizkuntza-aniztasunaren edo elebitasunaren aurrean jarrera hegemoniazalea dutenak dira bizpahiru hamarraldiotako hizkuntza-politikari zilegitasuna edo eraginkortasuna -edo biak batera- ukatzen diotenak.

Batzuk indarrean dagoen hegemoniari eutsi nahi diote, praktikan hizkuntza gatazka areagotuz eta diskriminazioa zilegi bihurtuz, bizikidetzaren kaltean: “Hizkuntza komunaren aldeko Manifestuan” irakur dezakegunez, “hay una asimetría entre las lenguas españolas oficiales, lo cual no implica injusticia de ningún tipo porque en España hay diversas realidades culturales pero sólo una de ellas es universalmente oficial en nuestro Estado democrático”; eta Manifestu horren sinatzaileetako baten iritzian, “¿es que vamos a discriminar entre lenguas en el plano legal? Pues sí (…) Los derechos del castellanohablante a utilizar la lengua común están por delante de los del euskaldun”.

Beste batzuen aburuz, hizkuntza kontuetan saihetsezinak dira desoreka eta hegemonia, eta indarrean den hegemonia baztertzailea eskuz aldatuz gainditu nahiko lukete gaurko desoreka: Argiaren foro digitalean irakurria dugu hau: “Elebitasunaren hori sekulako gezurra da, bai behintzat elebitasun  sozialari dagokionez. Iruditzen zait hizkuntza hegemoniko bakarra behar genukeela, nahiz eta norbanakook hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko gai izan. Nik bereizi egingo nituzke, beraz, elebitasun soziala eta elebiduntasuna. Nik neure aldetik, hauxe nahi nuke: Euskal Herri osoan euskara hutsean bizi ahal izatea”.

Bi formulazio horiek -ñabardurak gora behera- elebakartasun sozialaren adierazle dira: nagusitasuna duen hizkuntzaren talaiatik egina lehena, eta aginte-makila eskuratu nahiko lukeen erresistentziaren talaiatik egina bigarrena. Hizkuntza komunaren mozorropean, espazio publikoko hizkuntza ia bakartzat errebindikatzen du gaztelania batak, eta halaxe nahiko luke euskara besteak. Ikusmolde horren karira ukatzen dizkiote biek zilegitasuna eta eraginkortasuna azken hiru hamarraldiotako hizkuntza-politikari. Nik, ordea, (ele)bakartasunarena, edo hegemonismoarena, paradigma zaharkitua dela uste dut; horren aitzinean, euskara bezalako hizkuntza batentzat eraginkorragoa dela uste dut, eta aldi berean kohesio soziala indartze aldera zilegitasun handiagokoa dela uste dut, beste paradigma hau: eleaniztasunaren kudeaketa demokratiko eta iraunkorraren paradigma, hizkuntza-oreka eta berdinkidetasun soziala helburu dituena eta herritarren hizkuntza aukerak egiazki errespetatzen dituena.

Zilegitasuna eta eraginkortasuna, biak behar ditu hizkuntza-politika aurreratu eta demokratikoak: zilegitasuna, kohesio soziala areagotzea nahitaezko baldintza delako; eta eraginkortasuna, arrakasta bermatzeko. Hizkuntza auzian bizikidetza da jokoan dagoena, eta horrek zilegitasunaren ikuspegitik eskatzen du, demokraziaren joko-arauak ez ezik, pluraltasuna ere errespetatzea, baita hizkuntza  kontuetan ere. Eta eraginkor izateko nahitaezkoa da euskararen sustapena egiterakoan oinak lurrean izatea, zuhurtziaz jardutea, eta gogoan izatea euskal herritarren %45ek euskararik ulertu ere ez duela egiten, euskara Euskal Herriko hizkuntzatzat onartu bai baina beren burua euskararik gabe euskal herritar peto-petoa sentitzen dutela milaka eta milaka herritarrek, Euskal Herriko zonaldeen artean desberdintasun soziolinguistiko handiak daudela, eta, nola ez, eskubide, interes eta sentsibilitate ugari uztartu behar direla.

Zilegitasunaz

Hiru talaiatatik begiratuko diot hizkuntza politikaren zilegitasun eta justifikazio demokratikoaren auziari: lehenik, zilegitasun politikotik (beste hitzetan esanda, legezko zilegitasunetik, joko-arauetan eta legezko arauetan biltzen baita gizarte demokratikoetan zilegitasun politikoa); bigarrenik, zilegitasun sozialetik; eta hirugarrenik, zilegitasun etikotik.

Zilegitasun politikoari dagokionez, lehenik esan behar da euskararen lurralde sozial handienean (EAEn alegia) dugun hizkuntza-araubideak eta hizkuntzaren errealitate sozialak ez dutela zerikusirik, adibidez, Belgika, Suitza edo Kanadakoekin. Gernikako Estatutuaren eta Euskararen Legearen eskutik hemen dugun hizkuntza-araubidea onartzerakoan, hainbat aukera ezberdin egon dira mahai gainean: bat, euskal hiztunak unibertso bereizi moduan hartu eta euskal hiztunei  -haiei bakarrik- hizkuntza eskubide batzuk aitortzea; horrela, euskal hiztunen erkidegoa hazi gabe gutxiengoa izaten jarraitzera kondenatuko zuten betiko. Beste aukera bat: hizkuntza-eskubideen aitormen ezberdinak egitea lurraldez lurralde, euskarak zonaldez zonalde gaur egun duen edo historian zehar izan duen presentzia sozialaren arabera (honelako zerbait aukeratu zuten Nafarroan).

Aukera horiek alboratu eta beste bat egin zuen, ordea, EAE-ko herritarren ordezkaritza legitimoak: gaztelaniaren neurri bereko lege-aitormena egin zion euskarari, eta euskara eta gaztelania biak finkatu zituen lurralde osoko hizkuntza ofizialtzat. Herritar guztiei hizkuntza-eskubide berberak aitortu zitzaizkien, eta eskubide horiek egiazki bermatzeko neurriak hartzeko obligazioa ezarri zitzaien herri-erakunde guztiei.

Eta urrutirago joatea erabaki zuten: ikusita bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka soziala, euskararen erabilera sustatzeko aukera esplizitua egin zuten, eta lege-araudira eraman zuten aukera hori.

Hizkuntza bizikidetzarako eredu bat ez ezik, gizarte eredu bat dago aukera horren atzetik, integrazioaren eta aniztasunaren aukera: gizarte bakarra, hizkuntzari dagokionez anizkoitza, baina bakarra. Eta ikuspegi garbi bat oinarrian: bertakoak bi hizkuntza dituen gizarte honetan elebitasun ahalik eta orekatuenak sendotzen dituela gizarte-bizikidetza eta kohesio soziala. Horregatik ez da nahikoa euskal hiztun direnei hala izaten jarrai dezaten babesa ematea, baizik eta, gainera, pixkanaka eta etorkizuneko perspektiban bada ere, herritar elebidunez osaturiko gizartearen aldeko hautua egin da, egiazki elebiduna izango den gizartearen aldeko hautua, alegia (ezin baita gizarte elebidunik eraiki herritar elebidunik gabe).  Euskal hiztuna babestu eta, horrekin batera, euskararen hazkunde soziala ahalbidetzea da helburua: horren erakusle dira, besteak beste, hezkuntzan bi hizkuntza ofizialak ikastea obligaziozkoa izatea, helduen euskalduntzerako sistema publikoa sortzea edo gizarte-bizitzan euskararen erabilera sustatzeko politikak gauzatzea.

Bigarren zilegitasuna: zilegitasun legalaren ondotik zilegitasun soziala. Zilegitasun sozialari dagokionez, hona erantzun beharreko galdera: herritarren gogoaren isla al da hamarkadotako hizkuntza-politika? Nire ustez, hutsegiteak hutsegite, eta zuzendu beharreko gehiegikeria nahiz gutxiegitasunak ahantzi gabe, oro har, garatu den hizkuntza-politika herritarren gehiengo zabalaren gogora neurriratutako politika izan da. Hizkuntza-gorabeherak oso liskartsuak dira toki askotan (nahikoa dugu Belgikara begiratzea); hemen, ordea, giro bare eta integratzailean eman dira euskara biziberritzeko aurrerapen sendoak, nahiz eta badiren arazoak konpontzen baino gehiago arazoak sortzen tematzen direnak, giroa asaldatzen ahalegintzen direnak, bizikidetzaren kaltean.

Datu objektibo ugari dago eskura diodanaren lekuko. Laburtu beharrez, hiru baino ez ditut hona ekarriko. Bata, hezkuntzari dagokio. 1983-84 ikasturtean hezkuntza-sisteman A, B eta D ereduak ezarri zirenetik hona, guraso elebidunek nahiz elebakarrek hala erabaki dutelako, etengabe hazi dira euskararen ezagutza handiagoa bermatzen duten hizkuntza ereduak, D eta B, alegia. Hasierako urte haietan derrigorrezko hezkuntza osoan ia %80ko pisua zuen A ereduak. Gaur egun Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ez da %6ra iristen.

Bigarren datua Unibertsitateari buruzkoa da. Etengabe hazi da euskarazko irakaskuntzaren eskaera, eta selektibitate probak egiteko euskara aukeratzen duten ikasleen kopurua %57 izatera iritsi da.

Hirugarren datua ikerketa soziologikoen eremukoa da. 2009ko maiatzeko Euskobarometroak Ibarretxe lehendakari zuen azken gobernuaren politika publikoei herritarrek zer nota jartzen zieten azaldu zuen. Nota jarritako hamabi politika publikoen artean notarik altuena, sailkapeneko lehenengoa, euskararen gaineko politikari eman zioten herritarrek, 6,2 puntu hain zuzen ere. Ezin esan herritarren onarpenik ez zegoela.

Azkenik, bi hitz zilegitasun etikoaz. Hartarako, hizkuntza-politikak norbanakoaren askatasuna eta aukera-berdintasuna errespetatzen ote dituen galdetu beharko. Demokraziari zor diogu berdintasunaren balioa, eta liberalismoari askatasunarena. Bi-biak uztartzean datza justua eta iraunkorra izan litekeen aurrerapena. Ez dira kontrajarriak, alderantziz: askatasunak beharrezkoa du berdintasuna.

Zilegitasun etikoak eskatzen du hizkuntza-gatazkari gatazkaren klabeetan ez baizik eta bizikidetzaren klabeetan egitea aurre. Kohesio soziala eta bizikidetza makaltzen edo kinka larrian jartzen dituen ezer ez da, nire ustez, onargarri. Herritarrek bi hizkuntza ofizialen artean egiten dituzten hizkuntza aukerak errespetatzea da gakoa, hau da, “ez inposatzea eta ez eragoztea”: ez inposatzea hartzailearen gogoaren kontrako hizkuntza-aukerarik, ez aktiboki ez pasiboki; eta, beraz, ez eragoztea herritarren hizkuntza aukerarik praktikan. Printzipio horri –ez inposatu, ez eragotzi– erantzuten dio, esaterako, ditxosozko isunen aitzakiarekin eta berorien balizko aplikazio faltsuaren iragarpen maltzurrarekin gaurko Jaurlaritzak tamalez aldi baterako indarrik gabe utzi duen kontsumitzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuak. Eta, oro har, printzipio horri lotzen zaio bete-betean azken hamarkadotako hizkuntza-politika.

Azken finean, lauzpabost kontzepturen inguruan gauzatzen da zilegitasunari buruzko eztabaida: askatasuna, hertsadura, berdintasuna, inposizioa edo hizkuntza komuna, beste zenbaiten artean. Horietako batzuk –askatasuna eta koerzioa, esaterako– kontrajarritzat jotzen ditu zenbaitek, nahiz eta, nire ustez, guztiz bateragarriak izan. Hain zuzen ere gizarte demokratiko eta aurreratuen ezaugarri saihetsezina da herritarren interes orokorra, askatasuna, eskubideak eta kohesio soziala bermatzeko arauak ematea eta betearaztea (horri bidegabeki ezarritako koerzioa deitzen dio zenbaitek araua hizkuntza-politikaren esparrukoa denean). Kontua da gure gizartean parte bat elebakarra eta bestea elebiduna direla. Anomalia horrek desoreka nabarmenak sortzen ditu, askatasun pertsonalaren eta hiztunen eskubideen munduan eragiten duten desorekak; eta, azkenik, elebakarren eta elebidunen eskubideak sartzen dira lehian. Desoreka hori da neurri zuzentzaileak hartzea (hizkuntza-politika berdintzailea) ezinbesteko bihurtzen duena. Anomalia ez dira euskara eta elebidunak, elebitasun indartsurik eza da anomalia.

Edozein pertsona helduk egin ahal du euskara ez ikasteko eta, jakinda ere, ez erabiltzeko aukera. Baina onartezina da bi hierarkizazio inposatzea: hizkuntzen arteko hierarkizazioa, bata, eta hiztun elebakar eta elebidunen hizkuntz eskubideen artekoa, bestea, gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak bigarren mailakotzat eta euskaraz bizitzeko aukera ez-normaltzat kontsideratuz. Hori ez dator bat herritar gehienen gogoarekin. Hori ez da zilegi. Ez da zilegi elebidunak hizkuntza eskubideen murrizketa nozitu behar izatea, hain zuzen ere elebidun direlako. Elebidunak berea du, ez beste inorena, hizkuntza aukeratzeko eskubidea, ezin zaio hizkuntza-aukera inposatu ez eragotzi.

Ez dago eskubide mugagaberik –absolutua den eskubide bakarra bizitzarena da–. Eskubide orok darama berarekin nahitaez betebeharren bat. Eskubideak betebeharrik gabe ez dira eskubide, kasu batzuetan pribilegio eta besteetan letra hila baizik. Askatasuna bera ere ez da mugagabea. Inor ez da libre haurrak ez eskolaratzeko, edo eskolan curriculumeko ikasgai batzuk ikasteari uko egiteko edo beste gauza askotarako. Gure gizartearen eraikuntzaren oinarrian dagoen kontsentsuak eskubide izaerarik gabe utzi du elebakartasuna, aukera-berdintasuna eragozten duen neurrian ez delako etikoki onargarria. Hizkuntza-politikak ez du eragotzi behar elebakar izaten jarraitzera tematzen diren pertsona helduek horretan temati jarrai dezaten. Baina inork ez du eskubiderik -ez behintzat zilegitasun etikoa urratu gabe- gaurko haur eta gazteei -biharko helduei- euskara ez ikasteko balizko eskubide antisozial bat inposatzeko, are gutxiago bi hizkuntza ofizialen arteko desoreka soziala betikotzeko.

Eraginkortasunaz

Zilegi ez ezik eraginkorra behar du hizkuntza-politikak baliagarri izan dadin. Nire iritzian, eraginkorra da etenik eta geldialdirik gabe euskararen ezagutza eta erabileraren aurrerabidea bermatzen dituena, eta euskararen onarpen soziala areagotzeko nahiz euskararekiko atxikimendua sendotzeko balio duena: ez hori egiteko asmoa baino ez duena, baizik eta hori egiazki egiten duena. Ez alferrik hizkuntza-politika politika da, eta Max Weber pentsalariak politika eta etikaren gainean egindako gogoetei jarraiki, intentzio hutsetatik harantzago emaitzei erreparatu behar diegu politikagintzan. Horrek gauza asko eskatzen ditu, baina bada bat beti presente eduki beharko litzatekeena; hauxe: egingarritasuna. Gizartearen gogo eta ahalbideetatik urruntzen den hizkuntza-politikak erreka joko du. Ahaleginik gabe ezin da; baina nago, gure artean, boluntarismoa dela eraginkortasunaren etsairik eragingarrienetakoa.

Euskararen bilakaera desberdina izan da euskararen hiru lurraldeetan: hazkunde nabarmena eta indartsua izan du EAEn, motelagoa Nafarroan eta galerak Iparraldean. Horrela ikasi dugu zeintzuk diren aurrerakada edo atzerakada dakarten faktoreak. Herritarren atxikimendua da giltzarri nagusia. Atxikimendua, ordea, ez da berez sortzen. Zorionez elebidun da euskal hiztuna; hortaz, hizkuntza hautatu egin behar du. Euskara hautatuko badu, euskarari balioa aurkitu beharko dio. Esaterako, euskarazko sormena eta produktuak erakargarri eta asebetegarri izan beharko zaizkio. Halaber, herri-aginteen hizkuntza-politika eraginkor batek eman diezaiokeen elikadura ere behar-beharrezkoa du atxikimenduak. Elikagai horietako bat diskurtsoa bera da, hizkuntza-politikaren gainean agintariek eta ordezkari politikoek gizarteratzen dituzten mezua eta diskurtsoa, eta euskararekiko jarrera praktikoa.

Bada urte t’erdi gaurko gobernua osatu zela EAEn. Patxi Lópezen gobernuari babesa ematen dioten bi partiduen (PSE-EE eta PP) jarrerak ez dira hamarraldiotan berdinak izan hizkuntzari dagokionez. Esaterako, hizkuntza- politikaren gaineko kontsentsu oinarrizkoetan (besteak beste Euskararen Legean) partaide izan da PSE EAJrekin, EArekin eta garai hartako EErekin batera. PPk kontsentsu horietatik kanpora geratzea aukeratu izan du. Eragingarria litzateke orain arteko kontsentsuari pitzadurarik gabe eustea eta, gainera, areagotzea eta zabaltzea. Ez dirudi, ordea, hori batere ziurtatuta dagoenik. Duela bi urte Euskara 21 prozesuaren eskutik adostasuna berritzeko eta areagotzeko aukerak sortu ziren arren, zaila da harrezkero adostasuna areagotzeko bainoago ahultzeko arriskuak ez sumatzea. Gobernuari dagokio -beste inori baino gehiago- ahaleginak eta bi egitea adostasun sozial eta politikoa areagotzeko.

Gobernua osatzeko PSE-EEk eta PPk egin zuten akordioan (“Bases para el cambio democrático al servicio de la sociedad vasca”) ageri da gobernuaren hizkuntza-politikari buruz diskurtso orokorraren nondik norakoa. Testu horren eta gobernuko hainbat goi-karguk eta lehendakariak berak -legealdi hasieran baino gehiago azken hilabeteetan- egindako zenbait adierazpenen argitan, eta PPren buruzagi nagusiarenak irakurrita, bistan da orain arteko hizkuntza- politikari ikuspegi askotatik “gehiegizkoa” irizten diotela gaurko gobernuak eta bere babesle diren bi partiduek. Inpresioa dut, gainera, “gehiegizko irizte” hori kontu honetan nazionalistengandik bereizteko kontsigna eta argudio bihurtu dutela, nahiz eta horretarako zenbaitetan errealitatea erabat desitxuratuta deskribatu. Esate baterako, zerbitzu publikoetan euskararen ezagutzari ematen zaion balorazioa herritarren marjinazioa eragiten omen duen gehiegikeriatzat juzgatzen dute, nahiz eta balorazio-sistema hori Auzitegi Konstituzionalak berak eta Epaitegi ugarik berretsia izan, eta nahiz eta urteotako Lan Eskaintza Publikoetan egin den euskararen balorazioa legeriak ahalbidetzen duena baino apalagoa izan. Osasuneko zerbitzu publikoetan euskararen ezagutzari ematen zaion pisuarena da ustezko gehiegikeria salatzeko gehien erabili ohi den adibidea.

(No puede ser) que la sanidad pública contrate a los médicos que mejor conocen esta lengua y no a los que mejor saben operar, o que te impongan el idioma que tienes que hablar dentro de tu comercio. Es imprescindible que defendamos con ahínco la lengua común y las libertades. (A. Basagoiti).

Lehendakariaren iritzian, berriz,

siempre se pone el mismo ejemplo: el cirujano al que se le puntúa más por saber euskera que por saber operar. Bueno, todo esto va a desaparecer, para que lo que de verdad puntúe sea la profesionalidad.

Diskurtso horren arabera, badirudi profesionaltasunak eta zerbitzuaren kalitateak ez daukala zerikusirik pazientearen hizkuntza erabiltzearekin, eta, nolanahi ere, Osakidetzak kontratatua izateko euskaraz jakitea dela beste ezer baino erabakigarriagoa. Osakidetzako egiak, ordea, bestelakoak dira. Nahikoa da 2008ko Lan Eskaintza Publikoko datuei erreparatzea:

* Osakidetzako lanpostu guztien %15,52an besterik ez da euskararen ezagutza ezinbesteko. Ospitaleko mediku lanpostuen %5era ez dira iristen euskararen ezagutza ezinbestekoa dutenak.

* Gainerako plazetan merezimendu gisa baloratu da euskararen ezagutza, bestelako zenbait meriturekin batera (esperientzia profesionala, argitalpenak, irakaskuntza…). Prestakuntza teorikoa neurtzeko azterketa egin da:  gehienez 100 puntu lor zitezkeen.

* Hona ondorioetako bat: familia-medikuen sailean, adibidez, azterketa teorikoan 90 puntu eskuratu dituztenenen artean (oso nota altua, bistan da), 167 izan dira dagokien euskara-gaitasuna egiaztatu arren plazarik gabe geratu direnak; eta, aldiz, denbora berean, beste 132 izan dira dagokien euskara-gaitasuna egiaztatu gabe ere (eta azterketa teorikoan puntu berak lortuta, 90, ez gehiago) plaza eskuratu dutenak.

Datu hauen argitan begien bistan jartzen zaizkigu Osakidetzako egia batzuk: Osakidetzan ehunka dira euskararen ezagutzarik egiaztatu gabe plaza eskuratzen dutenak; eta ehunka dira, azterketa teorikoa oso nota altuarekin gainditu eta dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatu arren, plazarik gabe geratzen direnak. Hori gertatzen da euskararen ezagutza baino askoz erabakigarriagoak direlako esperientzia profesionala eta prestakuntza/ikerkuntzaren merituak. Euskararen ezagutza erabakigarria da, soilik, azterketa teorikoan, esperientzia profesionalean eta prestakuntza/ikerkuntzan, hiruetan, aldi berean oso puntuazio altua lortu dutenen artean.

Osakidetzako defizita ez da gaztelaniaren ahulezia edo euskararen ustezko inposizioa: aitzitik, herritarren hizkuntza-aukera euskarari dagokionez egiazki bermatzera iristea da gainditu beharreko defizita. Eta egiteko hori pixkanaka baina etenik gabe sendo bultzatzeko giroa sortu eta sentsibilitatea piztuko duen diskurtsoa beharko luke lehendakariarenak.

Alde horretatik, orobat, ustezko “euskararen inposizioaren” mezuak ez luke lehendakariaren eta herri-aginteen diskurtsoan inolako aterperik izan behar, ez datorrelako bat errealitatearekin, eta euskara eta gaztelaniaren arteko asimetria soziala pixkanaka baina geldialdirik gabe ahal bezainbatean murriztea helburu duen hizkuntza-politikaren eraginkortasunaren kontrakoa delako. Errealitatea guztiz desitxuratu nahi ez bada, zaila eta paradoxikoa da euskararen inposizioa argudiatzea, noiz eta Herri-administrazioetako lanpostuen erdia baino gutxiago direnean euskararen ezagutza beharrezko dutenak; noiz eta  Euskadiko bazter guztietan zorionez bermatuta dagoenean  -esparru pribatuan bezala publikoan-gaztelania erabiltzeko aukera, baina oraindik ez, ordea, zoritxarrez, euskararena; edo noiz eta euskara jakin gabe ere zinegotzi, alkate, epaile, diputatu nagusi, Legebiltzarreko presidente edo lehendakari izan daitekeenean.

Inposizioaren diskurtsoak, izan ere, oinarrizko hainbat kontu nahasten ditu, ahulenaren kaltean eta indartsuenaren mesedean. Euskararen erabilera bermatzeko eta bultzatzeko neurriak hartzea, neurri horiek akordio demokratikoen bidez hartzea… hori ez da inposizioa, hori bi hizkuntza ofizialen bizikidetzarako legezko arauak adostu eta ematea baino ez da. Horrexegatik herri-aginteen diskurtsotik urrun beharko luke beti ustezko inposizioaren mezu sasi-ideologizatuak.

Eraginkortasunaren kontrakoa da, ezbairik gabe, dogmatismo linguistikoa, euskararen biziberritze prozesuaren helburuak eta erritmoak irudikatzerakoan ez dituelako behar den neurrian aintzat hartzen besteak beste errealitate soziala eta euskararen masa kritiko erlatiboa. Baina eraginkortasunaren kontrakoa da baita ere -eta kaltegarria berdintasunerako eta bizikidetzarako- “laissez-faire, laissez-passer” printzipioaren araberako hizkuntza darwinismoaren politika.

Askotariko asimetriez jositako zelaian aurkitu beharko du euskarak bere garapen-tokia, guk bederen ez baitugu ezagutu ahal izango elebidun neurri berean diren herritarrez eta lurraldez osaturiko Euskal Herririk. Gehiegikeriarik gabea behar du hizkuntza-politikak. Baina ezinezkoa da, guztiz ezinezkoa, deserosotasunik gabe zuzentzea euskara eta gaztelaniaren arteko desoreka soziala, ezinezkoa gizarte elebidunerako bidea elebakarrek deserosotasunik onartu gabe egitea. Egiazki nahi badugu gizarte elebiduna eraiki eta egiazki nahi badugu herritar guztien hizkuntza-aukera librea bermatu, ezinbestekoa da malgutasunez jardutea, baina nahitaez onartu behar da herri-aginteek euskararen erabilera bermatu eta bultzatzeko neurri positiboak hartu behar dituztela; eta hori ez du inork inoren kontrako bazterkeriatzat hartu behar. Ustezko “euskararen inposizioaren” diskurtsoari aterpea eskaini beharrean, nahitaezkoa da herri-aginteen diskurtsoak oso gogoan izatea Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunaren 7.2 artikuluak dioena:

Ez da hizkuntza hedatuenen hiztunekiko bereizkeriatzat hartuko eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen alde neurri bereziak hartzea, neurri horiek hizkuntza horien hiztunen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna sustatzeko badira eta euren egoera bereziak kontuan hartzera bideratzen badira.

Badut ustea hizkuntza bizikidetza sendotzeko, euskararen erabilera areagotzeko eta herritarren euskararekiko atxikimendua indartzeko ezinbestekoa dela herri-aginteen diskurtso euskaltzalea, demokrazia linguistikoan oinarritutako diskurtsoa, dogmatismo linguistikotik bezala hizkuntz darwinismotik urrun. Uste dut guztiz eraginkorra izango litzatekeela Euskara 21ek markatzen duen ibilbidea, mutilaziorik gabe, denek –Jaurlaritzak, alderdi politikoek eta beste erakundeek– bereganatu eta gizarteratzea.

Desorekatik orekarako bidean bada ahulezia larri bat: gure gizarteko mundu elebakarraren zati handi batek euskararen munduez duen ezagutza falta. EAEko erdaldun elebakarren %90 inguruk dio “arrotzak” zaizkiola euskararen munduak. Ez da euskararena, bizikidetzarena da defizit larri hori.

Euskararen jabetza eskluienteak salatu behar dira, halakorik gertatzen den guztietan; baina euskaratik urrun jarraitzen duten sektoreek pauso bat, edo bi, eman beharko dituzte euskararantz. Euskaltzale ez denari dagokio abertzale izan beharrik gabe euskaltzaletzea, euskararen munduetako koloreei bere kolore propioa gehitzea.

Eta, azkenik, herri-aginteei dagokie erdaldun elebakarren aurrean beharrezko den pedagogia egitea elebakarrak euskararantz bultzatzeko, inposizioaren mamuak alboratu eta elebitasun egiazkoaren eta hizkuntza bizikidetzaren abantaila pertsonal eta sozialak gizarteratzea, eta euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko aukerak sortu ahala herritarrei aukera horietaz baliatzeko bultzada ematea.

Hiztuna da hizkuntza-politika eraginkorraren ardatza, ez euskara. Horregatik behar ditu hizkuntza-politikak balio propio gisa bizikidetza, adostasuna, atxikimendua eta erakarmena. Balio horien eskutik egin ahal zaie aurre, eraginkortasunez, erronka nagusioi: euskararen ezagutza eta erabilera etengabe areagotzea, euskal hiztunen erkidegoa trinkotzea, euskararen erabilera ez formala areagotzea, elebitasun pasiboa baliatzea, eta Nafarroan eta Iparraldean herri-aginteen jarrera aldatzea.

Bestalde, eraginkortasunez jardun nahi badugu komeni zaigu etorkizunari begira gure arazoak ahalik eta garbien identifikatzea. Ez nuke artikulu hau bukatu nahi nire ustez arreta handia eskatzen duten arazo batzuen aipamena egin gabe. Esaterako: elebidun direnetako zenbat da egiazki hiztun, eta zenbatek eta zertarako erabiltzen du euskara? Erabilera gehitu egin da -eremu publikoan, ez etxeko salan-, baina gehitu da atzo baino milaka elebidun gehiago garelako, ez gaurko elebidunek atzokoek baino gehiago erabiltzen dutelako. Eskoletan eta unibertsitatean euskaraz ikasten dutenek, zein hizkuntza erabiltzen dute gelaz kanpo, jolastokian, pasilloan edo kafetegian? Eta ikastetxez kanpo, lagunartean eta aisialdian? Askorentzat ez ote da euskara ia soilik hizkuntza akademikoa? Euskarazko era guztietako produktuak ikaragarri gehitu dira, baita kontsumitzaile potentzialak ere, baina zenbat dira euskarazko produktuen kontsumitzaile errealak? Euskarazko hitz-jarioa sendotu edo makaldu egin zaie euskaldun zaharrei? XVI. mendeko “euskara jalgi hadi plazara!” leloaren ondoan “euskara hator etxera eta lagunartera!” ote dugu XXI. mende hasierako leloa? Zer-nolako balio sozialekin lotzen dute gazteek euskara? Zergatik oraindik ere milaka dira euskarari bizkarra ematen dioten euskal herritar erdaldun elebakarrak? Zergatik euskara ikasteko ahalegina egin duten askok  -berealdiko ahalegina egin eta gero- ez dute euskara ohikotasunez erabiltzen, aukera eduki arren?

Galdera gehiago ere egin daitezke, baina planteatutako arazo horietako bat bera ere ezin da lege edo dekretu bidez konpondu. Konponbideak bilatzeko hobe dugu geure buruari begiratu eta, Kennedy presidentea parafraseatuz, “nik zer egin dezaket eta egin behar dut” galdetzea, errua hirugarren batzuena delakoan diskurtso erresistentzialista eta ezkorren errazkeriatan lokartzea baino.

Nago eraginkortasunak eskatzen diguna “euskara zapalduta dago” aldarrikatzetik “euskararen etorkizuna gure esku dago” asumitzera salto egitea dela. Eraginkortasunaren exijentzia da herri-aginteek hizkuntza-politika aktibo eta sustatzailea geldialdirik gabe garatzea; eta ezinbestekoa da herri-aginteak aitzindari izatea. Baina nago, baita ere, euskararen aurrerabiderako gako nagusiak erabilera, gogoa eta adostasun sozial eta politikoa direla.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *