Partiduen legearen aldaketa

Zurrumurru zena, Rajoyk berak konfirmatu du: Partidu Popularrak, Partiduen Legea aldatu nahi du. Dirudienez, bi gauza lortzeko: bat) ezker abertzale tradizionalak ez dezala datorren urteko udal eta foru hauteskundeetara aurkezteko modurik izan, eta bi) deskuidoan legearen barruan zirrikituren bat aurkitu eta hauteskundeetara aurkeztea lortuko balu, bere bultzadaz herritarrek aukeratutako ordezkari politikoak beren karguetatik kentzeko bidea irekitzea.

Egiazki, zein helbururekin estutu nahi ote diote legeriari koska bat popularrek? Ez dirudi erantzun bakarreko galdera denik.

Erantzun baten arrastoa Rajoyk berak eman du: buruzagi popularrak uztarri berean lotu ditu lege-aldaketa hau eta duela urtebete Euskadin “aldaketa politikoari” ekiteko popularrek eta sozialistek egin zuten hitzarmena sendotzea.

Datozen hilabeteetan ikusiko da aurrera ateratzen den edo ez popularren proposamena. Ez da ahaztu behar PP ez dela sekula izan gaur egun bezain erabakigarria Euskadiko politikan. Inoiz baino emaitza kaskarragoak lortu zituen duela urtebeteko hauteskundeetan, baina inoiz ez bezalako pisua dauka ezker abertzale tradizionalik gabeko eszenategi politikoan. Sozialistek, Legebiltzarraren gaurko konposizioan Euskadiko Lehendakaritza izateko euren, PPren, babesa ezinbestekoa dutelako.

Legearen barruan eta legeak diona beteta aurkeztu eta, halere, herritarrek aukeratu dituztenak kargugabetzea larria iruditzen zait. Legea behartu eta herritarren borondatea horrela mugatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Legeriari koska mordoa horrela estutzea, tartean norberaren interes politikoak jarriz, ez da, nire ustez, demokrazia sendotzeko bidea, inondik ere.

Hori esanda esan behar da, nolanahi ere, gehiegikeria edo bidegabekeria horrek ez duela batere leuntzen ETAren amesgaiztoa, eta ez duela zuritzen ETAren basakeriari argi eta garbi ezetz esan gabe jarraitzea. Dagokionak armak uztea, dagokionari utziaraztea edo uzten ez dituenari mundu guztiak entzuteko moduan adio! esatea, euren esku dago eta euren egitekoa da. Ezker abertzale tradizionalarena. Behin betirako.

Pasa egun ona, entzule.

 

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *