Sareko Argiak hamar urte

Kaixo, adiskideok:

 Aldez edo moldez, hemen gauden guztiok euskararen sarean gaude. Sarea botatzen eta askatzen dugu, sarea jasotzen eta biltzen dugu, euskararen gizarte-sarean egiten dugu guztiok lan. Euskaltzaletasuna deitu izan diogu horretan jartzen dugun kemenari. Euskalgintza, berriz, kemen horren lan eta emaitzari. Nolanahi dela ere: gure hizkuntzaren aldeko jardueran elkartzen gaituen sare berean gaude. Zerbitzuko lana deitu zion poetak, Xabier Letek. Eta zerbitzuko lan horretan, batek gehiago tiratuko du sarearen ertz batetik, besteak berriz bestetik; batek sare xeheagoa nahiko luke, beste batek larriagoa; batek orain jaso nahi du sarea eta beste batek nahiago luke itxoin,  baina esango nuke kontu batean behintzat denok bat gatozela: ezin dugu sarea urratu eta eten.

Sarea. Hitz arrunt hori aipatze hutsak itsasoko tresna baten aurrean jartzen gaitu, sareak itsastarren sinbolo bat dirudi. Baina Ataunekook ere, itsasotik urruti samar jaio ginen lehorrekook esan nahi dut, ezagutzen dugu sarea, eta guk ere erabili dugu sarea, ez, jakina, itsasoan, baina bai ehizan, Ataungo eta Aizkorripeko malda eta muinoetan, erabili dugu nekazaritzan, erabili dugu ibaietako arrantzan ere.

Barkatuko didazue oroitzapen pertsonal bat hona ekartzea. Hamar bat urte nituen. Igande eguerdian Ataun San Gregorioko elizaren aurrean jartzen ginen arreba eta biok orduko  Zeruko Argia handi haiek besoan hartu eta meza nagusiaren ondoren saltzeko.

Sare apal bateko partaide apalak ginen.

Sarea deitzen diogun tresna nola, euskararen erlazio-sarea ere halaxe zabaltzen da gure zazpi lurraldeetako ertz batetik bestera, ekialdetik mendebaldera, itsasaldetik lautadara.

Euskarak zortzigarren lurralde bat du aipatu zigun, oraintsu, idazle ezagun batek, Anjel Lertxundik.  Internetez ari zitzaigun, sareen sareaz.

Esku-eskura dugun informazio-formazio-ikerketa-entretenimendu aukera ia infinitua dugu eskura. Ia infinitua diot, Borgesek Babeleko liburutegiari beharbada infinitua deitzen zion zentzu bertsuan. Hala dio argentinarraren Babelgo Liburutegia –zuetako askok ezaguna duzuen- ipuin famatuaren hasierak:

“Unibertsoa (bestelako deituraz, Liburutegia) galeria hexagonalez osaturik dago; galerien kopurua mugagabea da, eta beharbada infinitua”.

Borgesen hitzak dira. Borgesek hori idatzi zuenean, artean ez zen Internetik. Gaur biziko balitz, pentsa liteke halako zerbait idatziko zukeela:

“Unibertsoa (bestelako deituraz, Liburutegia, edo, nahiago bada, Internet) galeria hexagonalez osaturik dago; galerien kopurua mugagabea da, eta beharbada infinitua”.

Sareak bereganatu egiten ditu, ia abduzitu, orain arteko komunikazio eta transmisio kulturalaren moduak, jarduerak; baita diskurtsoa bera antolatzeko erak ere. Kazetaritzaren edo liburugintzaren edo diskogintzaren munduak ez dira orain arte bezalakoak izango. Ez dira jada orain arte bezalakoak. Hasita gaude aldaketon emaitzak ikusten eta oso epe laburrean gertatuko den iraultza sekulakoa izango da.  Industria kulturalek ez dute berdin planifikatuko, orain arte maneiatzen genituen kulturaren parametro ekonomikoak oso bestelakoak izango dira, irakurleek ez dute orain arte irakurri dugun bezala irakurriko, eta idazleek ere beste modu batean idatziko dute. Eta dinamika horretatik kanpo geratzen den guztia guztiz marjinala izatera deitua dago. Edo –gehiago oraindik- desagertzera.

 Horregatik guztiagatik, berebiziko garrantzia du euskararen presentziak sarean. Baina ez, askotan erabili ohi dugun diskurtsoaren arabera, hor ere egon behar delako, hor egon gabe euskara arnasarik eta etorkizunik gabe geldituko delako baizik.

Eta sare hitzaren alde makurrena saihesteko —sarea edo tranpa—, ikusi eta ikasi beharra daukagu sarean jartzen ditugun kemenak administratzen ahalik eta etekin handienak ateratzeko euskarak sarean duen eta izango duen presentziari, beti ere aurrez-aurre eta goiburu sarearen erabiltzaile edo kontsumitzaile direnak eta izango direnak hartuz. Beti ere ahantzi gabe gainditu ditugula, zorionez gainditu ere, zenbait eduki euskaraz egote hutsagatik pozten ginen garaiak, eta edukien erakargarritasuna eta balioa  gero eta erabakigarriago direla eskaintzen zaigunaren aldeko hautua egiterakoan.

Argiakoek orain hamar urte ekin zenioten Sareko Argia proiektuari. Kontu hauei inork gutxik garrantzia ematen zien garaian, alegia. Argi jokatu zenuten eta argi ibili zarete. Gaur errealitate oparo eta eredugarri baten hamargarren urteurrena ospatzera bildu gara.

Zuen hamar urteotako eguneroko lanak oso argi frogatu baitigu saregintza dela euskalgintzaren alor garrantzitsuetako bat,

Mila esker eta mila zorion.

Partekatu - Comparte:
  • Print
  • Add to favorites
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Twitter
  • Google Bookmarks
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *