Euskara ahalik eta esparru gehienetara eramateko asmoz, kirolarekin lotutako ekimena aurkeztu genuen Donostian abenduaren 23an. Horri esker, joan diren Gabonotan Realak, Eibarrek, Retabet Gipuzkoa Basketek, Athleticek, Alavesek, Dominion Bilbao Basketek, Laboral Kutxa Baskoniak eta Axi Muniainek antolatu dituzten campusetan euskara indartzea lortu da. Zehazki, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatuta, campus horietan parte hartu duten monitoreek euskarazko trebakuntza berezia jaso dute, urtean zehar euren klubetan burutuko dituzten entrenamenduetan ikasitakoa balia dezaten.
Gazteen aisialdian euskararen erabilera handitzea da gure erronka nagusienetakoa. Horregatik, entrenatzaile lanetan dihardutenek euskarazko berezko terminologia landu dute ekimen honi esker, eta baita aisialdian zein kirolean erabiltzen diren hainbat esamolde ere. 14-20 urte bitarteko monitoreen trebakuntza honi campusaren barruan ekin zaio, kirol espezifikoarekin lotutako formazioaz gain. 200 bat izan dira parte hartu dutenak, neska zein mutil, eta horien bitartez 5.000 haur ingururengan izango du eragina euskararen aldeko ekimen honek, eskoletan zein klubetan.
Etorkizunerako daukagun erronka nagusia erabilerari dagokiona da, zalantzarik gabe. Hizkuntzak bizia izateko erabilia behar du ezinbestean, erabilia den neurrian izango baita hizkuntza bizia. Aisialdian, kirolean, kulturan eta gazteen arteko komunikazioan bereziki ekin behar diogu, ez baita nahikoa hizkuntza maitatzearekin erabiltzen ez bada.
Surfa, saskibaloia eta futbola izan dira oraingo ekimen honen bitartez jorratu ditugunak, baina kirol zein talde gehiago ere etorriko dira ondoren. ‘Kirol campusak euskaraz’ deritzanak monitoreak urte osorako trebatzen jarraitzeko asmoa du, gazteengan zuzenean eragiten dutenak oinarri-oinarrizkotzat jotzen ditugulako euskararen erabilera sustatzeko, gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko eta hobetzeko.
Hurrengo bideoan doa adibideetako bat, baina badira gehiago honako helbidean ere: www.facebook.com/EuskararenTxantxangorria