XIII. Topaldia Durangon

Aurreko asteko ostegunean Durangon izan nintzen, Euskaltzaleen Topaguneak gonbidaturik, eurek antolaturiko Topaldiaren inaugurazio ekitaldian. Zehazki, aurtengoa 13. edizioa izan da. Ez da lehenengo aldia bertan izan naizela, gutxienez beste pare bat aldiz ere parte hartu baitut, eta oso gustura egon nintzen. Gogoeta, eztabaida eta kontrastea behar beharrezkoak ditugu euskararen biziberritze prozesuan eraginkortasunez jarraitzeko, eta erronka berriei erantzun berriak aurkitzeko. Beti izan ohi dira emankorrak Topaldiko gogoetak, eta aitormena ongi merezia duen urteroko jardunaldia da hau. ‘Euskaltzaleen aktibazioa’ aukeratu dute aurtengo Topaldirako gogoeta gai edo ardatz nagusitzat, eta jarraian doazenak dira nire hitzaldian aipatu nituenak.

Gure mundu honetan, urrutikoan bezala gertu-gertukoan, urteotan gertatu diren eta gertatzen ari diren aldaketa sakonen artean nabarmen ageri dira aldaketak, parte hartzea, militantzia, aktibismoa, balioak ulertzeko eta praktikatzeko moduetan. Eta, jakina, euskararen arloa ez da, ezin izan, salbuespena. Euskararen hedapenean ere bete-betean eragiten dute aldaketa horiek. Topaldian aztergai hartutako gorabeherak, ‘euskaltzaleen aktibazioak, autoeraketa eta ahalduntzeak’, zuzeneko lotura du euskararen sustapenean garrantzitsuak diren hainbat faktoretan gertatzen ari diren aldaketekin: adibidez, motibazioak, jarrerak, atxikimenduak, hizkuntza kontzientzia ezberdinak, hizkuntzarekiko leialtasun askotarikoak, hizkuntza identitateak eta gogoa. Eta faktore horien inguruan, bada kontu bat berebiziko garrantzia duena: diskurtsoa, edo hobeto esanda, euskararen gaineko diskurtsoak.

Urteotan ezagutza soziolinguistiko handia metatu da erabileran eragiten duten faktore objektiboen gainean. Horien ondoan badira erabileran eragin handia duten faktore subjektiboak ere. Hauetaz ordea askoz gutxiago dakigu, eta ematen zaien baino garrantzi handiagoa eman beharko litzaiekeela uste dut. Edozein eratara ere, badakigu motibazioa ezin dela soilik politikoa izan. Euskaraz bizitzeko, euskaltzaletasuna bizitzeko modu berriak behar ditugula uste dut. Horrek lotura du diskurtsoarekin.

Duela gutxi, euskara erabiltzeko gonbidapena ‘eman hegoak euskarari’ lau haizetara zabaltzea helburu duen Euskararen Txantxangorria aurkeztu genuen Donostian, EAEko herri-erakunde guztiek eta gizarteko arlo ezberdinetako ehundik gora eragilek bat eginda, besteak beste euskalgintza sozialeko ordezkari kualifikatuak diren Topaguneak eta euskaltegien sare guztiek. Ekitaldi hartan, beste askoren artean, hitza hartu zuen Pedro Miguel Etxenikek, Euskararen Legearen sustatzaile nagusietarikoak, eta hauxe esan zuen: “legeak beharrezkoak dira, bai; arauak eta planak beharrezkoak dira, bai. Baina batez ere beharrezkoa dena da, euskaldun izaten jarraitzeko gogoa eta erabakia. Eta bide horretan euskara erabiltzea da ezinbestekoa”.

Nire ustez, ‘euskarak behar zaitu’tik ‘nik behar dut euskara’/’nik dut gogoko euskara’ra jauzi egitean dago koska. Eta koska hori gainditzeko hizkuntza kontzientzia, hizkuntzarekiko identitatea, atxikimendua, gogoa, motibazioa… hori da, nire iritzian, motore nagusia, ez bakarra, baina bai nagusia. Eta motore horren beste pieza bereizezina, adostasuna: adostasun politiko sendoa, eta adostasun sozial zabala. Ez da nahikoa, baina bai ezinbestekoa. Etengabe elikatu behar da.

Horretan guztiorretan pieza inportantea eta orobiltzailea da diskurtsoena. Gure gizartea anizkoitza denez, diskurtso ugari daude euskararen gainean. Normala, guztiz. Kontua ez da diskurtsoak ezabatzea, baizik eta diskurtsoak ukatu gabe, diskurtsoak bateratzea, euskararen auzia denona denez euskararen bidea ere mugarri nagusietan behintzat denok batera egiteko behar besteko neurrian bateratzea.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarentzat hau ez da gaurko kezka. Duela 10 urte (2005-2009 legealdian) abian jarri genuen euskararen gaineko diskurtsoaren lanketa ireki, berritzaile eta parte hartzailea, Euskara 21 prozesua, eta oso parte hartze zabal eta askotarikoaren ondoren, hizkuntza politikarako oinarri sendo eta iraunkorrak finkatzen zituen dokumentua osatzera iritsi zen aho batez Euskararen Aholku Batzordea, ‘Itun berritu baterantz’ izeneko dokumentua. Gabeziak gabezia, onarpen sozial handikoa eta Legebiltzarrak ere gehiengo zabalez onartua.

Legealdi honetan jarraipena eman diogu diskurtsoen lanketari, modu ireki eta parte hartzailean oraingoan ere. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2013ko urtarrilean legealdirako ezagutzera emandako lan ildoetako batek hauxe esaten zuen: “euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Eginkizun hori proposatu genion Euskararen Aholku Batzordeari, eta Aholku Batzordeak bere gain hartu zuen eginkizuna. Euskara 21 Batzorde bereziaren zuzendari izendatu genuen besteak beste diskurtsoen gaineko eginkizun hau gidatu eta dinamizatzeko helburuarekin, horretarako pertsona ezin egokiagoa: Iñaki Martinez de Luna.

Oso aberatsa izan da prozesua. 150etik gora lagunek parte hartu dute. Azterketa kualitatiboa egin da. Azterketa kuantitatiboa ere bai, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako Inkesta zabal baten bitartez. Eta Azken Txostena ere egin eta Euskararen Aholku Batzordeak ontzat emana da. Datozen asteetan zabalduko dugu lanketa honen berri.

Eta orain, Euskararen Aholku Batzordean eztabaida irekia egiten ari gara, oso parte hartze zabalarekin, datozen hogei urteetako perspektiban garatu beharreko hizkuntza politikaren oinarri, helburu eta lehentasunen markoari buruz. Abiapuntua Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak prestatutako dokumentu bat da –’Eta hemendik aurrera zer?’ deitzen dena–, eta dagoenekoz hogeita bost bat ekarpen jaso ditu, askotariko pertsona eta elkarteren aldetik. Euskara 21 Batzorde bereziaren eztabaidara jarrita dago eta hala jarraituko du otsaila arte. Azken dokumentua egingo da ondoren, jakina.

Lizardik amestu zuen baino askozaz noranahikoagoa da gaur euskara, zorionez. Aurrerakada itzela da euskal gizarteak euskararekin egin duena. Baina behar dugu euskararen hazkunde soziala bultzatzen jarraitu; behar dugu euskal hiztunen hizkuntza jarduna sendotu, komunitatea trinkotu, euskararen garapena iraunkorra izan dadin; behar dugu asmatu gero eta eleaniztunagoa datorren testuinguruan gizarte aldaketek eta euskararen hazkundeak berak ere eragindako erronka berriei erantzun berriak ematen.

Eta horretan guztiorretan gauza bat baino gehiago behar dira, noski –behar ez duguna da etsipena–. Behar ditugun horietan bat, nahitaezkoa hain zuzen ere, euskaltzaleen aktibazioa da.

 

Acerca de Patxi Baztarrika

Patxi Baztarrika Galparsoro (Ataun, 1958). Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua UPV-Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005etik 2009ra eta 2012tik 2016ra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. NPLDko presidentea 2015-2017ko tartean. Lehenago, eta gaur egun, Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren arduraduna teknikari lanetan. Besteak beste, 'Babeli gorazarre' liburuaren egilea (2010).
Esta entrada fue publicada en Idatziak-Articulos. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.